XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bihar, maiatzak 12an, Donostiako EUTG-n, goizeko 10etan hasita, Euskaldun Kazetarien Elkarteak bere Batzarre Nagusia ospatuko du.

Bertan, jaio berri dugun elkarte honek bere arautegia eztabaidatuko du, behin behinekotasunezko etapari amaiera emanez.

Hildo berean, zuzendaritza-taldea aukeratuko da, zeinak orain arte funtzionatu duen talde eragileari erreleboa hartuko bait dio.

EKE-k kazetari euskaldunen batasuna eraiki nahi du, lanbide hori euskaraz garatzeak suposatzen dituen arazoei irtenbideak bilatzeko eta euskal prentsari zor zaion errespeto eta duintasuna eman diezaieten bultzatuz.

Txema Auzmendik, orain arte EKEren talde eragilekoa, laburbiltzen digu Elkartearen bilakaeraren historia.

EKE: euskal komunikabideen zerbitzuan.

Gai hau euskal kazetarien elkartearena alegia, Mikel Atxagak plazaratu zuen lehen aldiz 1988 urteburuan.

Ez zuela ulertzen, zioen M. Atxagak, holako elkarterik ez egotea, euskaraz idazten dugun kazetariok biltzen ez bagara geure arazoak konpontzeko, inork ez dizkigu konponduko.

Ondoren Mikel Atxaga berari, Elixabete Garmendia (ETB) eta Jon Basterra (EGIN) kazetariei elkarteari buruzko itaunketa egin zien EGUNAk, eta hirurak guztiz ados zeuden elkartearen beharraz.

Hurrengo urratsa Udako Euskal Unibertsitatean (UEUn) eman zen.

ETB, irrati Euskadi Irratia eta Gipuzkoako Herri Irratia, prentsa idatzitako eta Eusko Unibertsitateko hogeita bat kazetari bildu ginen Iruñera.

Bertan hiru txosten (prentsa idatzia, euskal irratigintza eta euskal telebista) aurkeztu zitzaizkigun, elkarteaz mintzatzen hasi baino lehenago.

Puntu honetaz luze hitzegin eta gero, gehienok elkartea sortzearen aldeko baginen ere, erabakia jende gehiagorekin kontatuz hartu beharko litzatekeelakoan geunden.

Horrela beste bilera-deia egin genuen Irailaren 30erako (Matiena-Abadiño).

Ordurako garbi genuen honako hau: Bileran parte hartu ahal izateko nahitaezko baldintza bi, alde batetik kazetaritza munduan ihardutea (tituluaren edo gabe!) eta, bestetik, euskalduna izatea.

Hantxe erabaki genuen Euskal Herriko kazetari euskaldunen zerrenda egiten hastea, oraindik osatu gabe daukaguna.

Matiena-Abadiñoko bilera (89.09.30) garrantzitsua izan da historia honetan, batikbat ondoko puntuak argitu zirelako: I) elkartearen helburua (batetik, gure euskal lana duintasunez eta errespetu hartua izatea eta, bestetik, euskal komunikabideen normalkuntza prozesuan gure bultzada eta laguntza ematea).

Helburua lortzeko Elkartea presio-taldea izan beharko litzateke zenbait esparrutan: euskal egunkaria, euskal ajentzia, ETB bi kateen arteko eztabaida, Euskadi Irratia /, TVEk euskararekiko duen arbuioa, politikari eta pertsona publikoen erdal prentsaurrekoak, beste horrenbeste erakunde publiko zenbaiten jokabidea, prentsaurreko eta aurkezpenak direla eta, komunikabide guztietan %X euskaraz egitea, e.a.

2) Talde Eragilea sortu zen ETB-irrati-prentsa idatzi-Kazetaritza Fakultateko 9 kidek osatua.

Talde honi Durangoko Azokarako zerbait prestatzea eskatu zitzaion.

Durangoko bilerara (89.12.10) jende gehiago hurbildu zen: Euskal Kazetarien Elkartea (EKE) izena onartu eta kide izateko fixak banatu ziren.

Eta Talde Eragilearen esku utzi zen Batzarre Nagusiaren prestakuntza.

Bost hilabete pasa dira jadanik eta Asanblada egiteko eguna gainean dugu.

EKEren etorkizuna geure esku, zeure esku dago.

Kazetaria eta euskalduna baldin bazara, euskara eta euskal kazetaritzaren zerbitzuan talde-lana egiteko prest bazaude, zatoz EKEren Batzarre Nagusira! Larunbat arte!.

Txema AUZMENDI (EKEren Talde Eragilekoa).